2009/06/08

HAURREN MARRAZKIAK AZTERTZEN

Honako marrazkia 4 urteko haur batek egindakoa da. Argi ikus daitekenez karabaketa kontrolatuaren etapan kokatzen da eta haurrak beren mugimenduak eta ikusmena kontrolatzen ditu dagoeneko.

Marra luzeak egiten ditu orrialde guztia betez eta gainera koloreak ezberdintzen dituela adierazten du. Karabaketa berdina errepikatzen du etengabe eta ez dira karabaketa zirkularrak agertzen.

Bigarren marrazki hau ere 4 urteko haur batek egin du eta karabaketa kontrolatuaren barruan izena duen karabaketa bezala sailkatuko genuke. Irakasleak ipinitako oharrean irakur daitekeen bezala "izurdea bere janaria jaten" agertzen da.
Haurra, ez daki marraztu duenaren imagin zehatza zein izango den. Hala ere intentzio batekin hasiko da marrazten eta ondorioz izena emango dio bere marrazkiari.

2009/04/27

TEKNOGRAFIAREN GORABEHERAK IV: sormen krisiak


Bideoa bukatua genuela uste genuenean....beste zati bat gehitu behar geniola komentatu zigun Estitxuk....eta nola lotu???

Hor izan genuen beste krisialdi gogor horietako bat: ideia guztiak xahutu genituen lehenengo zatiarekin, beraz, berriro burua estutu behar!

2009/04/07

TEKNOGRAFIAREN GORABEHERAK III: Movie Makerrarekin borrokan

Movie Maker, Movie Maker, ... zer esan honen inguruan ... ezer onik ez hasiera batean!


Lanean hasi orduko arazoak. Bideoen formatoak zirela eta, ezin ikusi ordenagailuan, larritasunak nonahi. Traba hau gainditzean bideoa editatzeari ekin genion eta bidea erraza izan zen ... Gezurra! Gure laburmetraiari forma ematea, nahi genituen efektuak lortzea lan nekeza izan da "atenuar jarri, ezetz disolver hobeto" ... mila aldaketa egin behar izan ditugu aukera egokiena topatu arte.

Tirabira dexente izan eta izerdi apur bat bota ondoren, menderatu dugula edo, esan dezakegu! Baita asko ikasi ere. Oso baliabide erabilgarria dela iruditzen zaigu maila pertsonalean eta baita etorkizunean irakasle izatean aplikatzeko ere.

TEKNOGRAFIAREN GORABEHERAK II: eskerrik asko kolaboratzaileei

Gure teknografiaren pertsonaia nagusiak ezin ditugu aipatu gabe utzi. Egindako antzezpena paregabea izan da. Laguntzeko beti prest!


Nora eta Manoli, mila esker!

TEKNOGRAFIAREN GORABEHERAK I: martxan jartzen

Lanaren nondik norakoa jakin ostean, buruari eragiten genion arren, ideiak ez ziren iristen. Oroitzapen autobiografikoari esker berreskuratu genituen istorioak egon, bazeuden, baina ezin loturarik eman!

Eskerrak Estitxu hor genuela bideratzaile lanetan, bere bi aholku nahikoak izan ziren martxan jartzeko.

TEKNOGRAFIAREN GORABEHERAK

A ze buruhausteak eman dizkigun gure teknografiak hasiera hasieratik!

Oihuka taldea laukote batek osatzen duen arren, arazo teknikoak direla medio, teknografia egiteko bitan banatu behar izan dugu taldea. Beraz, blog honetan teknografiari buruz aurkituko duzuen guztia, gu biona (Oihana eta Gurutze) besterik ez da izango.

Hori horrela, jasandako haserrealdi, ezuste, amorru, istripu,... eta noizbehinka pozak ere bai, azaltzen saiatuko gara hurrengo kapituluetan.

Heldu ondo, gure bidai zurrunbilotsua hastera doa!!!!!!!!

KLASETIK AT!!

Dagoeneko hilabete bat pasa da Koldo Mitxelenara joan ginela Aitor Ortiz-ek sortu eta egin zuen "GAP espazio sorra" izenburuko erakusketa ikustera.

Koldo Mitxelenako erakusketa aretoa oso eremu berezia dugu, baita balio anitza eta era askotakoa ere, horri esker, oso ibilbide interesgarriak egin genituen. Alde batetik oso txoko bilduak genituen non argazkietan atentzioa zentratzen genuen eta bestetik, igaro leku ugari ere bazituen. Artista honekin, hainbat piezen arteko harremana ikusi ahal izan genuen eta lana ibilbide gisa ulertu azken finean.




Bertan ikusi genituen argazkiak arkitekturari buruzkoak ziren, arkitektura jakin baten barne daudenak hain zuzen.
Erakusketa honetan argi ikusi genuen argia funtsezko elementua dela, espazioa argazki edota irudien bidez irudikatzeko orduan. Beraz, argia eta itzala garrantzi handiko elementuak direla esan daiteke.

Bukatzeko esan, aspaldi ez ginela erakusketa bat ikustera joan eta egia esanda, ez genekien Koldo Mitxelena kultur etxean erakusketa areto bat zegoenik. Bisitaldi honi esker, artearen ikusmira pizteaz gain, Koldo Mitxelenak antolatu ditzakeen erakustaldien inguruko interesa handiagoa dela esan daiteke.

Laburbilduz, arte erakusketak, oso aberasgarriak direla pentsatzen dugu, hortaz, hemendik aurrera bisitaldi gehiago egitearen alde gaudela azpimarratu nahiko genuke.

2009/04/01

Naggel-en erakustadira bisita

Praktika honen bitartez, haurrek plastikarekiko duten motibazioa areagotzen dutela uste dugu. Irakasleak, klasean plastika landu aurretik, haurrek aurrez aurre artelanekin esperimentatzeari ematen dio garrantzia eta modu honetan, klasean lantzeko orduan zentratuagoak eta interesatuagoak egongo direla pentsatzen dugu.

Bisitaldian haurrek artelanen aurrean duten jokaera ikusi ahal izan genuen, pizten zien sentsazio eta zirrarak plazaretuz. Ikus daitekenez, errealitatea beren kabuz manipulatuz, jolastuz, sentituz artelanekin ondo pasatzea du helburu. Horregatik, interesgarria ikusten dugu, haur hezkuntzako heziketa plastikoari dagokionez, horrelako irteerak egitea. Alde batetik, haurrarentzat ezezaguna den gauza baten aurrean era naturalean erreakzionatzeko aukera ematen diolako eta bestetik eta garrantzitsuena, modu ludiko eta dibertigarri batean gauzak ikasteko gai direlako.

Laburbilduz, bideoan ondo azaltzen den bezala, praktikak egundoko arrakasta izan zuela aipatu beharra dago. Behin bisitaldia eginda, klasean plastika lantzeko orduan, gogotsu eta motibaturik ibili ziren eta nahi gabean, arteari buruzko lehenengo zirrarak ere barneratzea lortu zuten.

2009/03/29

Richard Serraren "Denboraren materia" eskultura-lana haurrekin

Santo Tomas Lizeoan Richard Serra autorearen obra lantzeko garatu zuten proposamena asko gustatu zaigu. Oso ariketa erakargarria da haurrentzat modu honetako esperientzia berriak aurrera eraman ahal izatea.


Haurrak artistaren paperean jartzea ikasteko modurik eraginkorrena eta aberasgarriena dela iruditzen zaigu. Zailtasunen eta kezken aurrean euren kaxa nola jokatu ikasten dute, sormenak izaten dituen krisiak gainditzen ere!


Bestalde, oso ideia originala izan da eskulturak erreproduzitzearena, haurrak buru belarri ikusten ziren beren ekarpenak egiten.

Bukaerako emaitza, Guggenheim museoan erakusgai jartzeko modukoa, bai horixe!!!

IKERTZE PROIEKTUAREN INGURUKO HAUSNARKETA

Martxoaren 6an, IKERTZE proiektukoak etorri ziren klasera, euren ekintza kulturala zertan datzan erakusteko asmoz. Ikertze taldeari esker, artearen eta filosofiaren kontzeptuak haur txikiekin lantzeko era desberdinak daudela ikusi ahal izan dugu, izugarri aberatsak direnak.

Hasiera batean hitzaldi bat eman ziguten eta nahiz eta luze xamarra iruditu zitzaigun, gauza oso interesgarriak egin daitezkeela haurrekin ikusi ahal izan genuen. Bertan, beren lana zertan datzan azaldu ziguten, euren helburuak, filosofia, proiektu desberdinak...

Ondoren, haurrekin egiten duten moduan, gurekin ere tailer bat egiteko proposamena eskaini ziguten; eskultura bat eraiki behar genuen, mahaian genuen materialarekin. Eskultura horiekin altuera, zabalera eta sakonera bezalako kontzeptuak landu behar genituen, mahai gainean genituen lau gauzekin. Hori horrela, haurtzaroan galduta gelditu zen(hori da pentsatzen genuena) irudimena eta sormena askatu genituen. Sentsazioak ezin hobeak izan ziren, oso esperientzia polita iruditu zitzaigun.

Ondoren, taldekideek egindako lan ezberdinak ikusi eta komentatzeko aukera izan genuen. Filosofiaren aldea jorratzeko unea izan zen hura, eskultura guztiak aurrean edukita galdera eta ariketa desberdinak proposatu zikiguten.

Bukatzeko, marrazki bidezko saioaren ebaluaketa bat egin genuen, gure iritziak emanez. Oso saio aberasgarria, polita eta interesgarria izan zelako sentsazioekin atera ginen klasetik, gure etorkizunean baliogarria izango zaiguna, seguru!

2009/03/10

Taldearen bereizketa puntuala

Aupa Oihuka taldea gara, hain zuzen, Gurutze Garay, Oihana Goikoetxea , Lide Zubizarreta eta Leire Gorostidi!!!!
Orain arte dena elkarrekin egin dugu baina teknogafia proiektuan taldea bi azpitaldetan banatu dugu. Alde batetik; Oihana eta Gurutze eta bestetik Lide eta Leire. Beraz blog honetan talde lanak publikatuko ditugu eta teknografia garapenak elkarikertuko orrialde pertsonalean. Gurutzek eta Ohianak Ohianaren orrialde pertsonalean eta Lidek eta Leirek, aldiz, Leirerenean.
Bueno ba besterik gabe agur bero bat eta hurrengo arte bonaparte!!!

2009/02/20

APRENDER EN RED

“¿Qué está pasando?” artikuluarekin lotuta, atal honetan ere irakasleen formakuntzaren inguruan arituko gara, formakuntza sareen inguruan hain zuzen ere. Ideia interesgarria iruditu zaigu National Writing Project delakoak aurrera eramaten duena. Irakasleen eskola bezala ulertu dugu, beraz, baliabide egokia izan daiteke aurreko atalean planteatu dugun irakasleen etengabeko formakuntza horren beharra betetzeko.

Irakasleak ikasle paperean jartzea hasiera ona da hauek beren irakaskuntza prozesuan sortzen diren premiez, egin beharreko berrikuntzez, ... jabetu daitezen. Estrategia eta jarraibide berriak jasoko dituzte, baina hauek ondo barneratuak izan daitezen eskolako ikasleekin jorratu aurretik ikastaro hauetan praktikan jartzea da aproposena, modu honetan, beste irakasleen iritziak, aholkuak eta laguntza emango dira. Jasotako edo barneratutako ideia berri horiek hobetzea eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea izango da helburua, guzti hau irakasleak elkarlenean jarriz.

Azken finean, irakasle talde batek elkarrekin lan eginez esperientzia berriak ikasten dituzte eta baita praktikan jartzen ere. Ikastaro aberasgarria izan daiteke irakasleak eguneratzeko eta motibatzeko.

¿QUÉ ESTÁ PASANDO?

Irakasleen formakuntzaz hitz egiterakoan, bi aspektu bereizi behar direla uste dugu. Alde batetik, irakaslea izatera iristeko beharrezkoa den prestakuntza egongo litzateke eta bestetik, behin irakasleak izatera iristen garen unetik aurrerakoa.

Oso interesgarria iruditu zaigu Finlandiako hezkuntza sistemarekin egiten den konparaketa, artikulu honen bitartez, gainetik bada ere, herrialde honek hezkuntza eta bere inguruko alorrei ematen zaien trataera ezagutu ahal izan dugu eta. Gure iritzia artikulu honetan irakurri dugunarekin soilik eraiki dezakegu, horregatik ez dugu gehiegi sakonduko. Hala ere, bat gatoz egileak honakoa esaten duenean: bertako unibertsitateetan irakaslearen formakuntza gutxi baloratua izaten da eta unibertsitate eskola hauetan lan egiten duten hezitzaileetako askok ez dute eskola edo ikasgela bateko egunerokotasuna bizi izan edo denbora luzea eman dute hauetatik urrun. Etorkizunean irakasle izango garenon heziketa oso garrantzitsua izango da gerora eskainiko dugun irakaskuntza horri begira.

Bestalde oso garrantzitsua iruditzen zaigu ere irakasleen etengabeko formakuntza, hau da, behin irakasle izatera iristean formakuntza prozesua ez da gelditzen, ogibidea utzi arte emango da. Gizartea etengabe aldatuz doa eta ondorioz irakasleak gizartearen berrikuntza horietara egokitu behar dira. Beren ikasleen interesak eta bizimoduak ezagutzen saiatu behar dira heziketa on bat eskaintzeko, gizakion bizitzaren lehenengo hamarkadetan zeresan handi duten irudiak baitira.

KEN ROBINSONEN BIDEOA

Bideoa ikusi ondoren, hauxe izango litzateke gure hausnarketa:

Eskola eta pertsonek dugun sormenaren trataerari buruz hitz egiten digu, gaur egungo hezkuntza sisteman sormenari ematen zaion garrantzia gutxiaren inguruan jakinean jartzen digu.

Bere ustetan, haurrak jaiotzen direnetik eraberritzeko ahalmena dute eta eskolan gaitasun hori xahutu egiten da. Modu honetan, haurrak beren sormen gaitasunetik aldentzen ditu hezkuntzak, sormenetik kanpo hezituz.

Hezkuntza sistema ia guztietan, artearekin hierarkia bat egoten da, badirudi balio duten gai bakarrek buruarekin zerikusia dutenak direla.

Era honetako hezkuntzarekin, benetan gustatzen zaizkigun gaietatik(artea, musika, dantza…)aldentzen gaituzte, gai hauen inguruan lanik ez dugula aurkituko pentsaraziz.

Hau guztiarekin azkenean,sormena, hezkuntza sisteman gutxiagotzen diren eta balio handia duten ideia originalak edukitzeko prozesua dela dio.

Sormenari buruzko hausnarketa honekin guztiz ados gaude taldekideok. Eskolan musika edo plastika ikasgaiak beti izan dira, matematika edo historia baino gai xeheagoak edo garrantzia gutxiago zutenak, baina ez bakarrik eskolaren aldetik, guk ere honela ikusten genituen.

Beraz, bideoa ikusi ondoren Ken Robinsonek gauza askotan pentsatzera eraman gaitu eta berak bezalaxe, gu ere beste hezkuntza baten alde egongo ginateke. Hezkuntza bat, non irakasgai guztiek pisu berdina izango luketen.

IKASGAIAREN INGURUAN

Ikasgai honen inguruan, taldekide guztien iritzia oso antzekoa izan da. Plastika ikasgaitzat edukiko genuela jakin genuenean, denek gogotsu hartu genuen, motibatuak sentitu ginen. Eskolan, plastika arloan batzuk besteak baino trebeagoak izan arren, denek gustuko genuen gai zen.


Plastika beti eskulanekin besterik ez dugu erlazionatu, horregatik dena ordenagailu eta internet bidez lan egin behar genuenean jakin genuenean desengainu txiki bat izan genuen. Gainera teknologia berriekin ez gara nahi izango genukeen bezain ondo konpontzen, oraindik ere. Bestalde, ikasgai honi esker, teknologia berritzaile hauekin harremanetan jartzeko aukera ezin hobea izan daiteke.


Ikasgaiarekin hasi besterik ez gara egin, eta nahiz eta eskulanekin lan egiteko aukera handiagoa edukitzea gustatuko litzaigukeen, ziur aski modu honetan ere, gauza asko ikasiko ditugu eta plastika lantzeko era ezberdinak ikusi ahal izango ditugu. Seguru baietz!