Hainbat eskoletan arbela digitala dagoela ikusi ahal izan dugu, baina, honen inguruan dagoen ezjakintasuna nabaria da. Nahiz eta eskura eduki, praktikan jartzeko orduan, irakasleen aldetik beldurrak, arazoak, segurtasun eza, etab. bezalako jokabideak dira nagusi. Hau dela eta, horrenbesteko inbertsio ekonomikoa eskatzen duen arbela honi ez zaio erabilpenik ematen.

Gure aitona-amonen garaia bizi izan bagenu teknologia faltaz kexatuko ginateke, baina garai teknologiko honetan bizi garela, prest al gaude hainbesteko aurrerapena barneratzen joateko? Egunero agertzen dira aurrerapen teknologikoak eta oso zaila da erritmo hori jarraitzea.
Egungo gizartean, non kontsumismoa eta konforta gure helmugara iristeko bidelagunak diren, teknologien izugarrizko eragina jasaten dugu eta beraienganako izugarrizko dependentzia sortu da. Gauza guztiek bezala, alderdi onak eta txarrak dituztela esan liteke, egin beharrekoa gauza positiboak negatiboen gainetik jartzea da, probetxua ateratzeko. Alabaina, orokorrean, egia da bizitza erosoagoa bihurtu digutela.
Teknologiaren aurrerakuntzak abantaila ugari eskaini dizkigu, hala ere, hezkuntzaren kasuan, hauenganako dependentziak norberaren abilezien kaskartzea ekar dezake. Teknologiek umeengan duten eragina handia da. Askotan, gurasoek lan egun amaigabeak burutzen dituzten bitartean umeek kultura internetetik, bideo-jokoetatik edo telebistatik jasotzen dute. Hori dela eta, eskolan ere teknologiarekiko menpekotasuna sustatu behar al dugu gehiegizko baliabide berritzaileak erabiliz? Oraingo umeek aspaldiko umetako jolasak alde batera utzi dituzte teknologia hauen zirrarak bultzaturik. Eskola ere, ohizko material aberasgarria material teknologikoarengatik ordezkatzen hasi da. Honi buelta ematea ezinbestekoa dela uste dugu, haurrei teknologien erabilgarritasuna transmititu behar diegu, hauen erabilpen egokia eta neurrizkoa eginez, baina dependentzia ekidin behar dugu kosta ala kosta.
Arbela digitalari dagokionez, argi dago, erosotasun eta berehalakotasun handiko tresna dugula. Ikasgelarentzat informazio multimedia eta interaktiboaren iturri agorrezin azkarra dugu. Irakasleak ez ditu ikasleak begi bistatik galduko eta zuzenean ukipen-pantailan idazteko aukerak lana asko errazten du. Halaber, ikerkuntza ezberdinen arabera, heziketa premia bereziak behar dituzten ikasleei laguntza emateko bereziki eraginkorrak dira tresna digital hauek.
Hala ere, arrazoi hauek guztiek nahikoa pisua al dute errentagarritasuna ateratzeko horrelako tresna garestiari? Ez al dira interes ekonomikoak atzetik bultzaka datozenak? Irakaskuntza metodologiaren eta irakaskuntza/ikaskuntza prozesuaren berrikuntzaren aurrean gaude ala irakaslearentzat erosoagoa izango den transmisio modu baten aurrean al gaude soilik? Gaur egun bizi dugun gizartearekin bat datorren ikasketa esanguratsuago bat lortzeko bidea al da?
Bestalde, ez dugu ahaztu behar irakaslerian sor daitekeen arazoa. Irakasle asko eta asko ez daude horrelako teknologiak erabiltzera ohituta eta ez dute formakuntza egokirik hauek erabiltzeko. Beraz, aparailu berriak erabiltzeko egiten den inbertsioari irakasleriaren formakuntzari dagokiona gehitu beharko genioke.
Amaitzeko, Haur Hezkuntzako irakasle izango garenez, Arbela digitalak ziklo honetan duen aplikazio mailari egingo diogu erreferentzia orain, zuzen-zuzenean. Izango ditugun ikasleen adinei begiratuz gero, ez diogu zentzu handiegirik aurkitzen baliabide honi eskolako txikienen ikasgelan. Lan handia dago haur hauekin egiteko, bestelako arloetakoa, hain zuzen ere, eta nahikoa ikusten dugu ordenagailua eta honek eskaintzen dituen aukera ezberdinenak gure ikasleak poliki-poliki IKTen mundura gerturatzeko.