Kurtso bukaera iristearekin batera, titulazioaren bukaerara ere iristen ari gara, beraz, heldu da zer nolako irakasle izan nahi dugun finkatzen hasteko momentua. Gure buruari planteatu beharreko ezinbesteko galdera da hau: Nolako irakasle izan nahi dugu?
Hiru ikasturte hauetan zehar ikusi eta ikasi dugunaren arabera,irakasleak ez du irakasten soilik (informazio igorle gisa); irakaslea gidaria, bitartekaria, motibatzailea, orientatzailea, hezitzailea da; haurren interesa eta jakin mina pizteko gai izango den irakaslea, haurrekin jolasten duena, esperimentatzen, esploratzen, beren sormenari ateak irekitzen uzten dien irakaslea.
Haurren interesetatik abiatzen den irakaskuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Ikaskuntzari zentzua ematen dieten haurrak heztea izango da gure helburua, benetako irakaskuntza modu honetan besterik ez baita ematen. Bestetik, haur bakoitzaren ikasketa prozesuaren erritmo desberdinak errespetatu nahiko genituzke, prozesu horren jarraipen bat eginez.
Ikasle autonomoak heztea izango dugu helburu eta ibilbide horretan, geure buruarekin eta geure jokaerarekin kritikoak eta erreflexiboak izaten ere ikasi behar dugu. Geure lana etengabe kuestionatu beharrean aurkitzen gara zuzen eta egoki egiten ari garen baloratzeko, eta ezezkoa izatekotan geure prozedura zuzendu ahal izateko.
Konturatu gabe IKTak leku guztietan ditugu eta esan daiteke haurrek jaiotzen direnetik ezagutzen dituztela hain pil pilean dauden teknologia hauek. Hori dela eta, egoera honen aurrean IKTen erabileraren inguruan ondo hausnartu behar dugula uste dugu. Baina, aktibitate mekanikoetara mugatu, irudimenari eta sormenari leku gutxi uzten dieten teknologia berriak erabili nahi al ditugu?
Irakasleak bere sormen eta irudimenari eragitea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta horretarako ez dut teknologia berrien beharrik ikusten. Garbi daukagu, IKT-en erabilpena neurrizkoa izan beharko lukeela, eta erabiltzekotan, erabilpen egokia eman behar zaiela pentsatzen dut. Haurrei teknologia hauen erabilgarritasunaz jabetzea izango litzateke, hauen erabileraren helburu nagusia.
Jadanik, Haur Hezkuntzan hauen presentziaz ohituta daude haurrak eta beraientzat ez dira tresna arrotzak. Hala nola: DVD aparatua, ordenagailua, CD-ak... Hori dena egia da, baina, guk behintzat ez ditugu IKTak hain beharrezkoak ikusten. Agian puntualki edozertarako, edo proiektu batean gabiltzala informazio iturri gisa erabiltzeko aproposa ikusten dugu.
Hala ere, irakasleok baztertu behar ez ditugun baliabideak dira eta aipatu berri dugun bezala, egokiena IKTak baliabide moduan erabiltzea izango litzateke eta ez helburua IKTak erabiltzen.
Nahita ala nahigabe, irakaskuntzan eragina du teknologiak, hala, irakaslearen papera baliabide hauek helburu hezitzaileak eta kulturalak betetzeko bideratzea izango da.
Laburbilduz, irakasleak irakaskuntzan aditua izan beharko du eta ez IKTen erabileran, hau da, azken hauek neurriz txertatutako baliabide gisa ikusi behar ditugu, horretarako, izaera kritikoa garatzea ezinbestekoa izanik.
Arbela digitalari lotuta, bitxikeria gisa, Ukipeneko Mahai Interaktiboak aurkitu ditugu.
Haur Hezkuntzan aplikatzeko asmatutako teknologia baten aurrean gaude. Talde lana sustatzeko asmoarekin egina dago eta edozein heziketa-softwarea onartzen du. Mahaia gainontzeko unitate periferikoekin konektatzen den ordenagailu batek osatzen du. Erabilera errazeko tresna da, ukipen pantaila sakatzea besterik ez baita behar ekintza ezberdinak burutzeko.
Honakoak dira ezaugarri nagusiak:
- Ikasleen lanaren administrazioa eta kontrola. - Moodle eta Scrom-en garatutako edukiekin bateragarria. - Cuadernia-rekin garatutako edukiekin bateragarria. - Mahai guztien arteko konexioa, elkarren artean ekintzen eta dokumentuen trukea ahalbidetuz. - Web orrialdeen zerbitzaria. - Beste zentroetako mahaiekin wifi konexioa, hauekin elkar lana ahalbidetuz. - Ikasle bakoitzaren erabilpen estatistikak. - Taldeko edo bakarkako frogen eraketa eta ebazpena. - Mahai interaktiboarentzat garatutako berariazko edukiak. - Cancha 2.0 –ren edukiekin bateragarria. - Videostreaming eta bideokonferentzien zerbitzaria.
Jarraian azaltzen den bideoan Mahai Interaktibo baten adibidea ikus daiteke:
Hainbat eskoletan arbela digitala dagoela ikusi ahal izan dugu, baina, honen inguruan dagoen ezjakintasuna nabaria da. Nahiz eta eskura eduki, praktikan jartzeko orduan, irakasleen aldetik beldurrak, arazoak, segurtasun eza, etab. bezalako jokabideak dira nagusi. Hau dela eta, horrenbesteko inbertsio ekonomikoa eskatzen duen arbela honi ez zaio erabilpenik ematen.
Gure aitona-amonen garaia bizi izan bagenu teknologia faltaz kexatuko ginateke, baina garai teknologiko honetan bizi garela, prest al gaude hainbesteko aurrerapena barneratzen joateko? Egunero agertzen dira aurrerapen teknologikoak eta oso zaila da erritmo hori jarraitzea.
Egungo gizartean, non kontsumismoa eta konforta gure helmugara iristeko bidelagunak diren, teknologien izugarrizko eragina jasaten dugu eta beraienganako izugarrizko dependentzia sortu da. Gauza guztiek bezala, alderdi onak eta txarrak dituztela esan liteke, egin beharrekoa gauza positiboak negatiboen gainetik jartzea da, probetxua ateratzeko. Alabaina, orokorrean, egia da bizitza erosoagoa bihurtu digutela.
Teknologiaren aurrerakuntzak abantaila ugari eskaini dizkigu, hala ere, hezkuntzaren kasuan, hauenganako dependentziak norberaren abilezien kaskartzea ekar dezake. Teknologiek umeengan duten eragina handia da. Askotan, gurasoek lan egun amaigabeak burutzen dituzten bitartean umeek kultura internetetik, bideo-jokoetatik edo telebistatik jasotzen dute. Hori dela eta, eskolan ere teknologiarekiko menpekotasuna sustatu behar al dugu gehiegizko baliabide berritzaileak erabiliz? Oraingo umeek aspaldiko umetako jolasak alde batera utzi dituzte teknologia hauen zirrarak bultzaturik. Eskola ere, ohizko material aberasgarria material teknologikoarengatik ordezkatzen hasi da. Honi buelta ematea ezinbestekoa dela uste dugu, haurrei teknologien erabilgarritasuna transmititu behar diegu, hauen erabilpen egokia eta neurrizkoa eginez, baina dependentzia ekidin behar dugu kosta ala kosta.
Arbela digitalari dagokionez, argi dago, erosotasun eta berehalakotasun handiko tresna dugula. Ikasgelarentzat informazio multimedia eta interaktiboaren iturri agorrezin azkarra dugu. Irakasleak ez ditu ikasleak begi bistatik galduko eta zuzenean ukipen-pantailan idazteko aukerak lana asko errazten du. Halaber, ikerkuntza ezberdinen arabera, heziketa premia bereziak behar dituzten ikasleei laguntza emateko bereziki eraginkorrak dira tresna digital hauek.
Hala ere, arrazoi hauek guztiek nahikoa pisua al dute errentagarritasuna ateratzeko horrelako tresna garestiari? Ez al dira interes ekonomikoak atzetik bultzaka datozenak? Irakaskuntza metodologiaren eta irakaskuntza/ikaskuntza prozesuaren berrikuntzaren aurrean gaude ala irakaslearentzat erosoagoa izango den transmisio modu baten aurrean al gaude soilik? Gaur egun bizi dugun gizartearekin bat datorren ikasketa esanguratsuago bat lortzeko bidea al da?
Bestalde, ez dugu ahaztu behar irakaslerian sor daitekeen arazoa. Irakasle asko eta asko ez daude horrelako teknologiak erabiltzera ohituta eta ez dute formakuntza egokirik hauek erabiltzeko. Beraz, aparailu berriak erabiltzeko egiten den inbertsioari irakasleriaren formakuntzari dagokiona gehitu beharko genioke.
Amaitzeko, Haur Hezkuntzako irakasle izango garenez, Arbela digitalak ziklo honetan duen aplikazio mailari egingo diogu erreferentzia orain, zuzen-zuzenean. Izango ditugun ikasleen adinei begiratuz gero, ez diogu zentzu handiegirik aurkitzen baliabide honi eskolako txikienen ikasgelan. Lan handia dago haur hauekin egiteko, bestelako arloetakoa, hain zuzen ere, eta nahikoa ikusten dugu ordenagailua eta honek eskaintzen dituen aukera ezberdinenak gure ikasleak poliki-poliki IKTen mundura gerturatzeko.