Kurtso bukaera iristearekin batera, titulazioaren bukaerara ere iristen ari gara, beraz, heldu da zer nolako irakasle izan nahi dugun finkatzen hasteko momentua. Gure buruari planteatu beharreko ezinbesteko galdera da hau: Nolako irakasle izan nahi dugu?
Hiru ikasturte hauetan zehar ikusi eta ikasi dugunaren arabera,irakasleak ez du irakasten soilik (informazio igorle gisa); irakaslea gidaria, bitartekaria, motibatzailea, orientatzailea, hezitzailea da; haurren interesa eta jakin mina pizteko gai izango den irakaslea, haurrekin jolasten duena, esperimentatzen, esploratzen, beren sormenari ateak irekitzen uzten dien irakaslea.
Haurren interesetatik abiatzen den irakaskuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Ikaskuntzari zentzua ematen dieten haurrak heztea izango da gure helburua, benetako irakaskuntza modu honetan besterik ez baita ematen. Bestetik, haur bakoitzaren ikasketa prozesuaren erritmo desberdinak errespetatu nahiko genituzke, prozesu horren jarraipen bat eginez.
Ikasle autonomoak heztea izango dugu helburu eta ibilbide horretan, geure buruarekin eta geure jokaerarekin kritikoak eta erreflexiboak izaten ere ikasi behar dugu. Geure lana etengabe kuestionatu beharrean aurkitzen gara zuzen eta egoki egiten ari garen baloratzeko, eta ezezkoa izatekotan geure prozedura zuzendu ahal izateko.
Konturatu gabe IKTak leku guztietan ditugu eta esan daiteke haurrek jaiotzen direnetik ezagutzen dituztela hain pil pilean dauden teknologia hauek. Hori dela eta, egoera honen aurrean IKTen erabileraren inguruan ondo hausnartu behar dugula uste dugu. Baina, aktibitate mekanikoetara mugatu, irudimenari eta sormenari leku gutxi uzten dieten teknologia berriak erabili nahi al ditugu?
Irakasleak bere sormen eta irudimenari eragitea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta horretarako ez dut teknologia berrien beharrik ikusten. Garbi daukagu, IKT-en erabilpena neurrizkoa izan beharko lukeela, eta erabiltzekotan, erabilpen egokia eman behar zaiela pentsatzen dut. Haurrei teknologia hauen erabilgarritasunaz jabetzea izango litzateke, hauen erabileraren helburu nagusia.
Jadanik, Haur Hezkuntzan hauen presentziaz ohituta daude haurrak eta beraientzat ez dira tresna arrotzak. Hala nola: DVD aparatua, ordenagailua, CD-ak... Hori dena egia da, baina, guk behintzat ez ditugu IKTak hain beharrezkoak ikusten. Agian puntualki edozertarako, edo proiektu batean gabiltzala informazio iturri gisa erabiltzeko aproposa ikusten dugu.
Hala ere, irakasleok baztertu behar ez ditugun baliabideak dira eta aipatu berri dugun bezala, egokiena IKTak baliabide moduan erabiltzea izango litzateke eta ez helburua IKTak erabiltzen.
Nahita ala nahigabe, irakaskuntzan eragina du teknologiak, hala, irakaslearen papera baliabide hauek helburu hezitzaileak eta kulturalak betetzeko bideratzea izango da.
Laburbilduz, irakasleak irakaskuntzan aditua izan beharko du eta ez IKTen erabileran, hau da, azken hauek neurriz txertatutako baliabide gisa ikusi behar ditugu, horretarako, izaera kritikoa garatzea ezinbestekoa izanik.